Uribeko Merindadea izan zena Erdi Aroan gure eskualde osoak eta gaur egun Bilboko metropolian barneratuta dauden Nerbioi haraneko elizateek osatzen zuten. Egun, Uribe Txorierriko eta Butroiko haranak hartzen dituen lurraldeari eta muga egiten duten kostaldeko herriei esaten zaie. Nahiz eta historia luzea duen eta kultura partekatzen duen, eskualdea bitan banatuta dago administratiboki: batetik, Plentzia-Mungia eskualdea dago eta, bestetik, Txorierri harana, ondorio hauetarako Bilbo Handiaren eskualdeari lotua.
Uribe Bizkaiko Lurralde Historikoaren erdialde-iparraldean dago, Bilbotik gertu eta oso ondo konunikatuta, errepidez, Estatuaren iparraldeko hiriburu nagusiekin. Bilboko aireportuak, Loiun kokatuta, mundu osoko bidaiariak hurbiltzen ditu gure eskualdera.
Uriberen historian, eta hori osatzen duten hogeita hiru herrienean (Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Derio, Erandio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gorliz, Larrabetzu, Laukiz, Lemoiz, Lezama, Loiu, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sondika, Sopela, Urduliz eta Zamudio), Bilbotik hain gertu egotearen posizio estrategikoak eta bere orografia leunak zeresan handia izan dute. Gure haranek, lauak eta leunak izaki, tartean mendixka txikiak baino ez dituztela, Bizkaiko lautadarik zabalenak eratzen dituzte. Haran horietatik Butroi eta Asua ibaiak igarotzen dira, nekazaritzako ibar emankorrak sortuz, eta, ibilbide laburra egin ondoren, Kantauri itsasoan itsasoratzen dira. Uribeko kostaldean itsaslabarren lerroa leundu egiten da zenbait tartetan eta, hala, portu txikiak eta hondartza luzeak sortzen dira.
Alabaina, nekazaritza oraindik ere oso jarduera-sektore garrantzitsua da Uriben. Kalitate handiko bere produktuak hainbat mendez tradizioari heldu izanaren isla dira. Produktu horien adierazgarri nagusia txakolin ospetsua da; horri esker, gainera, eskualdea gastronomiaren, enologiaren, mahastizaintzaren eta ardogintzaren munduan ezagutarazi da.